Bruzain, Pierre
Pierre Bruzain Hazparnen jaio zen 1869an eta Ortesen, Biarno, hil 1920an. Euskaltzale eta hizkuntzalaria izan zen. Lehen ikasketak Larresoron, Akizen eta Bordelen, eta medikuntzako ikasketak Parisen egin zituen. Hazparnera itzuli eta bertako alkate hautatu zuten. Baionako "Eskualduna" aldizkariko kolaboratzaile izan zen. Sortu berria zen Euskaltzaindia akademiako euskaltzain osoa izan zen (1919-20). Euskararen etorkizuna eta batasunari buruzko ardura handia zuen; batzarkideen artean egin zen azterketa-lanean Arturo Kanpionek eta berak egin zutena izan zen interesgarriena. Txosten hori "Euskera" aldizkarian argitaratu zen (1920).
Iturria: Harluxet