<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Muxika (leinua)

Bizkaiko leinua, Abendaņo familia arabarra Bizkaian finkatu (XIII. m.) eta banandutakoan sortua (XIV. m.); Hurtado Gartzia de Abendaņok ondasunak hiru semeen artean banatu zituenean, Urkizu, Arteaga eta Muxikako leinuak sortu ziren. Joan Galindez semeak eraiki zuen Muxikako oinetxea. Bere seme zen Joan Alonso Muxikakoaren alaba Maria XV. mendearen hasieran Butroe familiako Gontzalo Gomezekin ezkontzean, Muxikako eta Butroeko familia lotu ziren. Bi seme izan zituzten, Gomez Gontzalez eta Joan; azken hau bilakatu zen Muxikako jauna ama hil zenean. Orduan hasi ziren abendaņotarren (ganboatarren) eta muxikatarren (oinaztarren) arteko borrokak (bando-gerrak); Otxandioren erreketa (1415), Mungiako gudua (1437), Aramaioren jabetzagatiko borrokak (1437-50), Arrasateko borroka eta ondorengo erreketa (1448) eta Elorrioko gudua (1468) izan ziren gertaera nagusiak. Ganboatarrek Otxandiori eraso ziotenean herria defendatzera joan zen Joan Muxikakoa eta zauritu egin zuten (1415). Ondorengorik izendatu gabe, fraide joan zen. Haren semea, Pedro Sibal (edo Presebal) Muxikakoa, Arrasateko erreketan hil zen (1448). Joan Muxikakoa hil zenean, bere iloba Joan Alonsok eskuratu zuen Muxikako oinetxea. Bando-gerrak segitu zuen arren, handik gutxira Joan Alonso Muxikakoak eta Pedro Abendaņok bakeak egin zituzten eta Bizkaian nagusitu nahi zen Haroko kondearen aurka borrokatzeko bat egin zuten.

Iturria: Harluxet