<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
infantzoi eta kapareak
Erdi Aroan, Leon, Gaztela, Aragoi eta Nafarroan, behe-mailako noblea, zenbait pribilegio ekonomikoren jabe zirenak. Bere jaraunspenetan ahalmen eta botere mugatua zuten aitoren-seme edo aitoren-alabak ziren. Infantzoi abarkadunak, berriz, nekazaritzan ziharduena. Nahiz eta bere lurrengatik petxak ordaindu behar izan, nobletzat jotzen zen. Euskaraz kapareak edo kaparedunak bezala ere ezagutu izan diren bigarren mailako nobleok, itxuraz, asturiar erresuman errefuxiaturiko bisigodoen ondorengoei esaten zitzaien destainazko hitzetik hartu zuten izena. Hasiera batean, ordea, jatorrizko nobleak ziren, baina X. mendetik aurrera infantzoi tituluak ez du noblezi arrastorik izango, zaldi baten jabe ziren gerlariei esan izan baitzaie. Hala eta guztiz ere, lekuan lekuko eta mendez mendeko aldaerak kontuan izanda, oso zaila da infantzoien ezaugarri sozio-ekonomikoak zehaztea.
Nafarroako erresumaren politikan eta ekonomian, bereziki nekazaritzan, halako indar berezia hartu zuen infantzoien kastak edo multzoak. Bi infantzoi-mota bereizi ohi ziren historikoki: batetik, nekazariak edo abarkadunak, inongo jaunen manupeko ez ziren nekazari libreak; eta bestetik, leinu noblekoak edo obanostarrak. Azken hauek beren eskubideak eta pribilegio ekonomiko eta fiskalak babestearren Obanosen biltzen zirelako ezagutzen dira izen horrekin; "Pro libertate patria gens libera state" zuten esapide nagusi, baina, honen itzulpenari buruz ez dago iritzi bakarra, nagusiki "Aberria libre izan dadin, jendarteak ere libre behar du" eta "Aberri askearen alde, jende librea, jaiki" dira ezagunenak.
Gipuzkoan eta Bizkaian ere ba omen zegoen antzeko noblezia apal bat, ahaide txikiak izenekoak. Baina Berant Erdi Arotik bertatik, bi probintziotan jaioak berez nobleak zirela eta, biztanleria osoak zeuzkan, funtsean, infantzoien eskubideak, zergak ordaindu beharrik gabe. Printzipio honi nobleziadun edo kaparetasun orokorra esan izan zaio. Infantzoiak, hala ere, erregeari edo aberatsei lotuak egoten ziren. Honenbestez, milizian zerbitzatu behar izaten zuten, eta "anubda" izeneko zainketa egin behar zuten, gazteluetatik eta hirietatik kanpo, zaldiz. Ordainez, soldatak izeneko diru-sariak hartzen zituzten, edo lurraren jabegoa eskuratzen zuten epe mugaturako.
Iturria: Harluxet