<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Idiakez Anoetakoak
Politikari-familia gipuzkoarra.
Alonso Idiakez Anoetan jaio zen 1497an eta Elba ibaiaren ertzean hil 1547an. Karlos V.a enperadorearen idazkari nagusi eta konfiantzako aholkularia izan zen 1520.az geroztik; Tunisko konkistan parte hartu zuen (1535). Felipe II.aren eta Portugalgo Mariaren arteko ezkontza prestatu zuen. Donostiako San Telmo eta Santo Domingo komentuak sortu zituen.
Joan Idiakez Madrilen jaio zen 1540an eta Segovian hil 1614an. Aurrekoaren semea. Genoa eta Veneziako enbaxadorea izan ondoren, Felipe II.aren eta Felipe III.aren estatu-ministro eta idazkaria izan zen. Felipe III.aren konfiantzakoa zen eta erregeak Gipuzkoako Batzar Nagusietako eta Diputazioko idazkari, Aramaioko konde eta Nafarroako erregeorde egin zuen.
Alonso Idiakez Donostian jaio zen 1565ean eta Milanen hil 1618an. Aurrekoaren semea. Armadan sartu eta Flandes eta Frantzian borrokatu zen. Frantziako guduan zauritu zuten, preso hartu eta erregeak erreskatea ordaindu behar izan zuen (1595). Erregearen zerbitzura itzuli eta Milanera bidali zuten.
Iturria: Harluxet