<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Bakedano (familia)

Nafarroako erresumako zerbitzari izandako familia nafarra, jatorriz Ameskoakoak (XIV-XV. m.). XIV. mendearen erdialdeaz geroztik eragin handia izan zuen Gaztelako mugaren inguruko lurretan. Agramondar eta beamoundarren bando-gerren hasieran kide gehienak agramondarrak ziren, baina gerra amaitzerako kide batzuk beaumondarren bandora pasatu ziren.

Gonzalo Ramirez: Biasteriko gazteluko alkaidea izan zen (1390). Nafarroako errege Karlos III.a Prestuaren ordezkaria zela, Gaztelako erregearekin akordioa sinatu zuen (1395). Erregeak Muesko gaztelua eman zion (1397). Karlos III.arekin izan zen: kamarlengo (1414), Lizarrako merio (1425) eta Artaxonako gazteluko alkaide (1425).

Joan Fernandez: Joan II.a Trastamarakoaren ezkutari agramondarra. Karlos IV.a Bianako Printzearen aurka borrokatu zen. Bere leialtasunaren truke erregeak Ameskoa ibarreko zerga eta petxen eskubidea eman zion (1456).

Lope: Lizarrako merio eta bertako gazteluko alkaidea. Lizarrako Belmecher eta Zalatambor gazteluak beaumondarrentzat konkistatu zituen (1491). Ordain gisa Meremneko bizkonderria eta Joan III.a Albretekoak Iparraldean zituen jabegoen jurisdikzioa lortu zituen.

Fernando: Gollanoko jauna izan zen 1476.az geroztik. Erresumako notario-buru, kontseilari eta finantzaria izan zen (1492). Arradako jaunari, Etaiu, Oko eta Granadako jurisdikzioak erosi zizkion. 

Iturria: Harluxet