Zesar, Kaio Julio
Kaio Julio Zesar Erroman jaio zen K.a. 101ean eta K.a. 44an hil. Jeneral, historialari, diktadore eta Patrizio erromatarra izan zen, nahiz eta plebearekin famili harremanak izan. Sila diktadorearen aurka jarri eta Asiara atzerriratu zen (82-78). Erromara itzuli eta karrera politikoari ekin zion. Hispanian kanpaina erraza egin ondoren, Ponpeio eta Marko Lizinio Krasorekin triunbiratua osatu zuen (60). Kontsul izan zen (59, 56) eta Galia konkistatu zuen (58-51). Bien bitartean, Krasoren heriotza gertatu zen (53), triunbiratua desegin zuten eta Senatuak kontsul ahalguztidun izendatu zuen Ponpeio.
Zesar, Senatuaren baimenik gabe, Rubikon ibaia zeharkatu armadarekin eta Erromara abiatu zen. Honek gerra zibila piztu zuen (50-46). Farsalian (48), Tapson (46) eta Mundan (45) garaile atera zen Zesar; Kleopatra Egiptoko erregina izendatu zuen, eta Erromako kontsul eta diktadorea izan zen. Aurkako konspirazio bat antolatu zioten, bere lagun Bruto tartean zela, eta hil egin zuten. Bere iloba txikia zen Augusto izendatu zuen ondorengo. Galiako Gerrari buruz eta Gerra Zibilari buruzko bere oroitzapenak idatzi zituen (Iruzkinak).
Iturria: Harluxet