Vitoria, Frantzisko (Francisco de Gamboa)
Frantzisko Ganboa Gasteizen jaio zen 1486an eta Salamancan hil 1546an. Erlijioso eta teologo domingotar izan zen. Parisen ikasi (1508 - 1516) eta Valladoliden irakasle ibili ondoren, Salamancako biziarteko teologi katedra lortu zuen (1526). Tomisten eragina izan zuen, baina korronte humanistari ez zion guztiz uko egin. Teologiaren irakaskuntzarako metodo berria erabili zuen: ikasleek apunteak hartu behar izaten zuten eta Pedro Lonbardoren teorian oinarritu beharrean, Santo Tomasenean oinarritu zen. "De potestate civili" (1528) eta "De potestae Ecclesiae" (1532 - 33) tratatuetan estatua, gerra eta nazioarteko zuzenbidea aztertu zituen.
Mundu Berriko konkistaren zioak sakonki aztertu zituen eta nazioarteko zuzenbidearen oinarriak ezarri zituen. "De iure belli" eta "De indis" lanetan (1539), metodo eskolastikoa erabilita, Amerikako lurraldeen benetako jabeak indiarrak zirela eta beren legeak izateko eskubidea ezagutu ondoren, espainiarrek laur haietara joateko eskubidea zutela azaltzen zuen, jende orori aplikatzen zaion "in gentiun" (jende eskubidea) delakoaren izenean. Indiarrek horri egindako erresistentziak espainiarren konkista justifikatzen zuen Frantzisko Vitoriaren ustean, bertakoek jasandako sarraskiei buruz ez zen mintzatu ordea.
Iturria: Elhuyar/ Lur