Luis Felipe I.a
Luis Felipe I.a Parisen jaio zen 1773an eta Claremont-en, Britainia Handia, hil 1850ean. Frantziako erregea (1830 - 1848), Luis Felipe Orléanskoaren eta Luisa Maria Borboi-Penthièvrekoaren semea.
Iraultza Frantsesarekin bat egin zuen eta Jakobinoen Klubean sartu zen; Napoleonen agintaldian (1796-1814) Suitzan, Filadelfian eta Ingalaterran bizi izan zen; baina 1817an berriro Frantziara itzuli zen, eta negozio pribatuetan jardun zuen. 1830eko iraultzaren ondoren, errege izendatu zuten. Liberalen laguntzaz agintzen saiatu zen eta bere agintaldiaren azken urteetan diktadura ezarri zuen.
Aurre egin behar izan zien tronua berreskuratu nahi zuen Borboien dinastiari (1832) eta Luis Napoleon Bonaparteri (1836 - 1840). Britainia Handiarekin bakea gordetzeko ituna sinatu zuen, baina ingelesen baldintzak onartzeak herriaren haserrea piztu zuen. 1846-47ko krisi ekonomikoak oposizio liberala areagotu zuen. 1848ko iraultzaren ondoren, bere biloba Parisko kondearen alde abdikatu behar izan zuen eta Ingalaterran gorde zen.
I: Harluxet