Legazpi, Migel Lopez de
Migel Lopez Legazpikoa Zumarragan jaio zen, ~1505ean eta Manila-n hil 1572an. Mexikoko eskribau eta alkate zenean, Felipe II.a Espainiako erregeak Andres Urdanetari Ozeano Barerako espedizioaren ardura eskaini zion eta honek bere osaba Legazpi eskuadra-almirante eta troparen jeneral izendatu zuen. Itsasoratu, hurrengo urtean Barbados eta Marianak uharteetara iritsi eta, armarik erabili gabe, lurraldea konkistatzea lortu zuten (1565). Cebu-ra iritsita, uhartearen eta Espainia Berriaren (gero, Mexiko) arteko merkataritza sendotzen saiatu zen. Cebuko biztanleek eraso egin zioten eta, babestearren, gotorleku bat eraikiarazi zuen. Inguruko uharteak konkistatuz joan ziren; Luzon uhartea merkataritza-gune garrantzitsua zen; bertakoekin tregua bat sinatu eta Manila hiria fundatu zuen (1571).
Gainerako uharteak ere bereganatu eta, Felipe II.aren omenez, Filipinak izena eman zien. Konkistatzaile izan bazen ere, bertako jendea errespetu handiz tratatu zuen. Filipinetako gobernadore eta kapitain jenerala izan zen. Administratzaile-lanetan ere nabarmendu zen: merkataritza hobetu eta Txinarekin harremanak ezarri zituen.
I: Harluxet