Urdaneta Andres
Andres Urdaneta Ordizian jaio zen 1508an eta Mexikon hil 1568an. Elkanok Moluketara eginiko bigarren espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen (1525). Magallanes itsasartean ontzia hondoratu eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu ziren. Eskorbutuak Elkano eta beste batzuk hil zituen. Moluketara iritsita, Tidor uhartean gotorlekua eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera portugesei zegokien lurra zen hura eta Portugesek espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten; borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta zauritu egin zuten. Bakea sinatu zutenean, Urdaneta ez beste guztiak itzuli egin ziren (1534).
Urdanetak Moluketarako bidea markatuz mapak egin zituen. Mexikora joan eta agustindarren komentuan sartu zen (1553). Filipinetatik Mexikorako espedizioek porrot egiten zutela ikusirik, bere burua aurkeztu zuen bidaia antolatzeko. Felipe II.ak baimena eman eta 1564an abiatu zen, bere osaba Migel Lopez de Legazpi buru zutela. Filipinetara iritsi ziren; Lopez de Legazpi artxipelagoan gelditu zen bitartean, Urdanetak itzulerako bidaiari ekin zion. Bide berri batetik abiatu zen eta lehendik eginiko mapei esker Acapulcora iritsi zen. Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen.
I: Harluxet