Labezares, Gido
Gido Labezares Bilbon jaio zen 1510ean eta Manilan hil 1590ean. Mexikon matematika eta astronomia ikasi zituen. Urdanetaren agindupean eta Legazpi buru zela, Filipinetara egindako espedizioan parte hartu zuen (1564). Iritsitakoan Legazpiren ordezkari izendatu zuten eta bertakoekin harremanak izango zituen taldearen buru izan zen. Legazpi hil ondoren, Felipe II.ak errege-ordezkari izendatu zuen (1572); bere agintaldian hiri berriak sortu ziren. Filipinetako lurrak konkistatu nahi zituzten txinatarren kontra borrokatu eta garaile irten zen (1574-75). Filipinetara eginiko espedizioaren eta bertako ohitura, tradizio eta geografiaren berri ematen duten narrazioak idatzi zituen.
Iturria: Harluxet