Goikoetxea, Jose Lorenzo
Jose Lorenzo Goikoetxea Donostian jaio zen eta Brest-en hil 1800ean. Militar eta nabigatzailea izan zen.
Itsas armadan sartu, Holanda eta Ingalaterran barna bidaia ugari egin eta Nantesera jo zuen matematika eta nautika ikastera (1757). Caracas-ko Erret Konpainia Gipuzkoarraren zerbitzura zegoela, Martinikara eta Venezuelara egindako bidaia horietako batean ingelesek preso hartu eta Puerto Rico-ra eraman zuten. Bigarren aldiz preso hartu eta Jamaikan aske utzi ondoren, Caracasko Erret Konpainiak Venezuelako kostaldea zaintzera bidali eta bertan Pereyra pirata holandar ospetsua harrapatu zuen. Erret armadan sartu (1777) eta hainbat gudutan borrokatu ondoren ontzi-teniente egin eta Aljerrera bidali zuten (1783 - 84). Konbentzio Gerran Tolongo portuaren erasoan parte hartu eta brigadier egin zuten. Apoplexiak jota hil zen Brest-en frantziar-espainiar ontzi talde bateko buru zela.
Iturria: Elhuyar/ Lur