Erauso, Katalina (Moja alfereza)

Katalina Erauso Donostian jaio zen 1592an eta Mexikon hil 1650ean. Txikitan gurasoek Donostiako domingotarren moja-etxean sartu zuten, baina hamabi urte zituenean komentutik ihes egin eta handik aurrera mutiltzat pasatzea erabaki zuen. Morroi ibili zen Gasteizen eta Bilbon eta 1605ean Pasaiako portuan Amerikarantz itsasoratu zen. Ameriketan abentura luze eta ikusgarriari ekin zion; morroi, soldadu, iheslari, preso borrokalari, eta horrelako anitz ezagutu zituen. Txilen zegoela, Alonso Diaz izenarekin soldadu bihurtu eta alferez izatera iritsi zen. Hamaika istilu eta liskarretatik ihes egitea lortu zuen babesleren bat zela medio gehienetan, baina Perun zaurituta gertatu zenean emakume zela aitortu behar izan zuen. Berria Espainiako inperio osora zabaldu zen. Komentu batean egon zen ondoren, Aita santuak komentutik kanpo bizitzeko baimena eman zion arte. Felipe IV.ak emandako biziarteko pentsioarekin, Mexikora itzuli zen (1630). Bere biografia idatzi zuen 1624an.

Iturria: Harluxet