Beaumont, Luis
Luis, Beaumont leinukoa, ez dakigu non eta noiz jaio zen eta 1376an hil zen. Felipe III.a Prestuaren eta Nafarroako Joana II.aren semea. Beaumont-eko, Normandia, konde eta Nafarroako infante. Siziliako erregearen alaba Joana Durresekin ezkondu ondoren Durresko duke ere izan zen. Ehiztari amorratua zen eta 4.000 florineko errenta zuen bere gastuetarako Karlos II.ak erregeak emana.
Bere anaia Karlos II.a Gaiztoaren erregealdian, eta erregea Exagonoko lurretan ari zen bitartean, Nafarroako gobernua bere esku egon zen. Falceseko laborariak bere aurka altxa ziren (1358), baina, Martin Laguardiakoaren laguntzari esker menperatu zituen. Aragoikoekin 1363an piztutako gerrarako Tuteran aukeratutako 41 musulman eraman zituen, baina preso hartu zuten. Karlos II.ak askatu eta bere lurretan ari ziren Aragoiko merkatari guztiak atxilotzea agindu zuen; gauza bera egin zuten aragoarrek.
1364an, Karlos II.ak Exagonoan zituen estatuen lugartenientea izendatu zuen. Bere emaztearen balizko eskubideak aitzaki, Albaniako erresuma konkistatu nahi izan zuen eta Karlosi eskatu zion horretarako gerlariak eta dirua ematea; 100 gizon, armak eta gorteak emandako 20.000 libra lortu zituen.
Iturria: Elhuyar/ Auņamendi