Arzalluz Antia, Xabier
Xabier Arzallus Azkoitian jaio zen 1932an. Durango eta Xabierko apaizgaitegietan ikasi eta Jesusen Lagundiko kidea izan zen. Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbide eta Filosofian lizentziatu ondoren Alemaniara joan zen ikastera. Bertan zegoela, Lagunditik irten eta EAJ alderdian sartu zen (1968). Madrilen Zuzenbide Politiko eta Soziologiako irakaslea izan ondoren, Euskal Herrira itzuli zen (1969); Deustuko Unibertsitatean irakaslea izan zen eta abokatu-lana ere egin zuen. Euskadi Buru Batzarreko kide hautatu zuten 1971an. Gipuzkoan EAJko diputatu hautatu eta euskal talde abertzalearen bozeramaile izan zen Espainiako Kongresuan, konstituzioa egiteko eztabaidetan parte hartu zuelarik (1977).
Diputatu-kargua utzita, 1979an EAJ berregituratzeari ekin zion, alderdiaren sektore tradizionala, sabindar izenekoa, aurka izan zuela. Bizkai Buru Batzarreko buru (1979) eta ondoren alderdiburu hautatu zuten (1980). 1984-85ean EAJren zatiketa eragin zuen eztabaidan, Arzalluz buru zuen sektorea nagusitu egin zitzaion Karlos Garaikoetxea buru zuen sektoreari. Geroztik, alderdiburu berrautatua izan da eta EAJren jarduera politikoa gidatu du 2004ko urtarrilaren 17 arte. Ondoren Josu Jon Imaz da alderdiburu. Hizlari trebea da eta artikulu ugari idatzi ditu.
Iturria: Harluxet