Lakarra de Migel, Jose Maria
Jose Maria Lakarra de Migel Lizarran jaio zen 1907an eta Zaragozan hil 1987an. Historian lizentziatu eta Nafarroako Erdi Aroko foruei buruzko lan batez doktoratu zen (1928). Espainiako Gerra Zibilean estatuko artxibozaina izan zen eta agiriak eta arte-ondasunak babestu zituen. Ondoren, Zaragozako Unibertsitatean Espainiako Erdi Aroko Historiako katedratikoa izan zen (1940-77); Historiako Fakultateko dekanoa (1949-67) eta Zaragozako Unibertsitateko errektoreordea ere izan zen (1972-75). Bianako Printzea elkartea eta beronen aldizkaria fundatu eta Nafarroako kultur ondarea bildu eta zaintzeko oinarriak ezarri zituen. Historiako Erret Akademiako kide (1970), Frantziako Tolosa, Deustua, Zaragoza eta Nafarroako Unibertsitateetako honoris causa doktore egin zuten. Histori liburuak (Guía del Archivo General de Navarra, 1954; Estudios de historia navarra, 1971; La expedición de Carlomagno a Zaragoza y la batalla de Roncesvalles, 1980) eta artikuluak idatzi zituen.
Iturria: Harluxet