Iparragirre Balerdi, Jose Maria

Joxe Mari Iparagirre Urretxun jaio zen 1820an eta Ezkio-Itsason hil 1881ean. Txikitan aitak Zerainera bidali zuen, bere osabak gaztelania eta gramatika irakats ziezazkion. Familia Madrilera joan eta San Isidro del Real jesuiten ikastetxean sartu zuten (1833). Lehen Gerra Karlistan ibili zen karlisten alde foruak defendatzearren, eta atzerriratu behar izan zuen. Bere gitarra besapean harturik, Suitza, Italia eta Alemanian barna ibili ondoren Frantziara itzuli eta bertatik bidali zutenean Florentziako antzerki-talde bati elkarturik jardun zen Ingalaterran. Indultu bati esker Euskal Herrira itzultzeko baimena izan zuen (1853). Orduan, herrian himnotzat hartuko zuen "Gernikako Arbola" famatua konposatu zuen. Abesti horrek foruen alde zeuden karlista, liberal eta nazionalistak batu zituen; hori arriskutsutzat hartu zuten agintariek eta Euskal Herritik egotzi egin zuten (1855).

Ameriketan artzain ibili eta Buenos Airesen urte batzuk igaro ondoren, itzuli eta Madrilgo Teatro Realen omenaldi beroa eskaini zioten (1879). Euskal Herri osarentzat sinbolo bilakatu zen. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundien eta Nafarroako zenbait euskaltzaleren dirulaguntzari esker bizi izan zen azken urteetan. Abesti asko konposatu zuen; guztiak Euskal Herrian eta bere bizitzan oinarritutakoak. Kanta ospetsuak konposatu zituen: "Ume eder bat"; "Zibilak esan naute"; "Agur Euskalerriari"; "Gitarra zartxo bat da"; "Nere maitearentzat", etab.

Iturria: Harluxet