Caro Baroja, Julio
Julio Caro Baroja Madrilen jaio zen 1914an eta Beran hil 1995. Historialari, antropologo, etnologo eta hizkuntzalaria izan zen. Pio Barojaren iloba. Telesforo Aranzadi eta Jose Migel Barandiaranekin hasi zen antropologia ikasten. Madrilen, antzinako historian doktoratu eta historia eta dialektologiako katedra-laguntzailea izan zen bertako unibertsitatean. Bere osaba Pioren bidez etnologian zaletu zen eta Madrilgo Museo del Pueblo Español-eko zuzendaria izan zen 1944 - 1954 bitartean. AEBetan antropologia eta etnografia ikasi zuen. Hainbat herriren ikerketa geografiko eta etnologikoak burutu bazituen ere, batez ere Euskal Herrian egindakoengatik nabarmendu zen. Bere metodologiarekin ikerketa historikoen ikuspegi berria ekarri zuen, egungo "historia berria" delakoaren aitzindaria izan baitzen; zehaztasun zientifikoaz baina ironiaz burutu zituen bere lanak.
Historiako eta Hizkuntzako Erret Akademiako kidea, euskaltzain ohorezkoa eta Bartzelonako Letra Onen kidea izateaz gain, Alemaniako, Portugalgo eta beste hainbat tokitako arkeologi institutuetako kidea izan zen. RIEV aldizkariko zuzendaria izan zen. Hitzaldi ugari eman zituen, zenbait ikastaro eta jardunaldiren arduradun izan eta ehunka artikulu eta berrogei bat liburu idatzi zituen "Los Vascos", 1949; "Los vascos y la historia a través de Garibay", 1972; "La brujería vasca", 1975; "De los arquetipos y leyendas", 1989; "Las falsificaciones de la historia", 1991). EHUko antropologia filosofikoko katedra izan zuen (1982). Madrilgo ohorezko seme egin eta giza zientzietako Asturiasko Printzea saria ere jaso zuen 1983an. Julio Caro Baroja 1995eko abuztuaren 18an hil zen.
Iturria: Harluxet