Arregi Aranburu, Rikardo
Rikardo Arregi Andoainen jaio zen 1942an eta Mendaron hil 1969an. Euskal idazle, kazetari eta kultur eragile bizkorra izan zen. Bilbon ekonomi ikasketak egin eta euskal literaturako irakasle izateaz gain "Yakin" eta "Zeruko Argia" aldizkarietan esku hartu zuen, inoiz utziko ez zituen politika eta filosofi gaiak landuz. "Lauaxeta" saria irabazi zuen (1965). Euskara batuaren bultzatzailea eta Lur argitaletxearen sortzailea izan zen. Euskaltzaindiari alfabetatze-saila antola zezan proposatu zion eta horixe izan zen aurrerantzean gorpuztu zen helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren hasiera (1966).
Kazetaritzan saiakera landu zuen, informazio politikoa eta euskal kultura gai nagusi zituelarik: "Politika estrukturak europear alkartasunean" eta "Politikaren atarian" (amaitu gabea) obretan. Europako mugimendu politiko eta filosofiko nagusiak sakonki ezagutzen zituela erakutsi zuen, euskara argi, zehatz eta zorrotza erabiliz. Gerra ondoko belaunaldiaren kezka bere-berea zuen. Euskaltzain urgazlea zen eta Euskaltzaindiaren bilera batera zihoala auto-istripuz hil zen.
Iturria: Harluxet