Afganistango Errepublika

Historian zehar hainbat inperioren mende egon da: pertsiarrak (K.a. VI-V. m.); Alexandro Handia (K.a. 329an); Kusanen inperioa (K.a. I-K.o. V. m.); arabiarrak, lurraldea islamiar bihurtu zutenak (VII-XII. m.); mongoliarrak (XIII-XIV. m.).

Afganistango erresuma 1748an osatu zuen Ahmad Shah, durani-en dinastiaren sortzaileak. 1849an Britainia Handiak babes herritzat hartu zuen, Errusiaren hedapena galaraztearren, baina 1921ean burujabetasuna berreskuratu zuen eta monarkia ezarri zen. 1973an Sardar Muhammad Da’ud printzeak errepublika ezarri zuen. 1978an komunistek hartu zuten aginpidea. Islamiarrek gobernua onartzen ez zutela eta, SESBek inbaditu zuen (1979-1989). 1992an gobernuak agintea utzi behar izan zuen eta islamiarren esku dago gaur egun, baina gatazka ugari daude etnia eta joera politiko desberdinen artean.

Lurralde menditsua da, iparraldea bereziki (Hindu-Kush, 7.680 m). Ibai nagusiak Hilmand eta Amu-Daria dira. Klima kontinentala du. Biztanle gehienak mendien oinetako ibarretan bizi dira, gune emankorretan. Ekonomiaren oinarria nekazaritza da (arroza, mahatsa, kotoia); mea baliabideak ugari dira, baina iparraldeko gas naturala ustiatzen da soilik.

Iturria: Lur