megalitiko

Megalitoei dagokiena. Kultura megalitiko. Megalitoak eraikitzea ezaugarri izan zuen Neolitoko kultura. Kultura megalitikoarekin egitura sozial berri bat ageri da, ordura artekoa baino garatuagoa: nekazaritza, abeltzaintza, meatzaritza eta metalgintza, eta leinutan bildutako famili eraketa, heriotzatik haratago irauten duena. Hilobiak, beraz, kolektiboak dira. Hilobiratzeak erritoz eta ikonoz egiten dira.

Kultura megalitikoak munduko hainbat gunetan garatu dira; mendebaldeko Europan, Maltan, Afrikako erdialdean eta Amerikako hegoaldean. Europako lehen megalitoak K.a. V. milurtekoan agertu ziren eta batez ere hilobi kolektiboak dira (dolmenak, tumuluz estalitako galeria luzeak, kamara biribilak eta korridore luzeak dituzten hilobiak, etab.).

Euskal Herriko kultura megalitikoak Neolito aroaren bukaeran hasi (K.a. 3000) eta erromatartze heldu bitartean iraun zuen (K.a. 300), eta aurkitu diren aztarnengatik garapen handia izan zuen; hiru motatako monumentu megalitikoak agertu dira: trikuharriak, harrespilak eta iruinarriak, hirurak ere ugari. Lehen biak hilobiak dira eta iruinarriek esanahi erlijiosoa edo magikoa zutela uste da. Hainbat mito eta teoria sortu izan da kultura megalitikoaren eraikuntzen inguruan Euskal Herrian, eta arte plastiko modernoan ere izan du eragina.

Iturria: Harluxet