<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Neolitikoa

Neolitiko deitzen zaio Antzin Aroko historia aurreko Mesolitiko eta Metal Aroaren artean dagoen garai edo aroari. Harria lantzeko forma berria garatu zen eta hortik hartu zuen izena aro honek; Paleolitikoan ez bezala, harria landu eta lanabes eta tresna moduan erabiltzen bitzuen. Hala ere ez da hori "iraultza neolitiko" izenaz ezagutu ohi denaren elementu bereizgarri bakarra. Izan ere, eta azken glaziazioaren ondorengo klima epelagoak lagunduta, aro honetan gizakia ehiztari-biltzaile huts izatetik nekazaritzan eta abeltzaintzan hasi zen; hau da, gauzak ekoizten hasi zen. Horrez gain, buztingintza, otarregintza eta merkataritzaren hastapenak ere garatu ziren. Populazioa nabarmen hazi egin zen eta gizartea leinuetan bildu ahala, finkatzeko eta bizilekuak eraikitzeko joera nagusitu zen.

Lehen kultura-Neolikoen aztarnak Ekialde Hurbilean aurkitu dira eta K.a. 9000 ingurukoak direla kalkulatu da. K.a. 7000 - 6000rako eskualde horretan Neolitikoa garatua zegoen eta bertatik hainbat lurraldeetara hedatu zen. Europara Grezia eta Balkanetan barrena sartu zen, eta bi hedapen-bide izan zituen: Mediterraneoa eta Danubioaren arroa. K.a. 5000 - 4000 bitartean Irango goi-lautada, Afganistan, Turkmenistan eta Balutxistanen zabaldu zen. K.a. 4000 - 3000 bitartean mendebaldeko Europara iritsi ziren eta Ekialdean Indoren haraneraino eta Dekkaneraino zabaldu zen.

Ekialde Urrunean eta Asiako hego-ekialdean, Neolitikoa kanpotiko kultur hedapen eta inbasioa baino gehiago, bertako kulturaren bilakaera eta garapenaren ondorioa dela dirudi. Bertako lehen aztarnak K.a. 5000 ingurukoak dira. Ameriketan nekazaritzaren hasiera, K.a. 2500, bertako kulturaren eboluzioa eta Asiatik zabaldutako ohitura berria izan ote zen ez dago oraindik argi.

Iturria: Elhuyar