<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Latindarrak
Lazion edo antzinako Erroma inguruan bizi ziren herrietako kideak; herri horiei dagokiena eta latinetik eratorritako hizkuntzetako batez hitz egiten duten herrietako kideei eta herri horiei dagokiena. Latindarrak, eta ondorioz beren hizkuntza, jatorriz indoeuroparrak ziren eta II. milurtekoaren erdialdean Italian indarrez sartu ziren, Lazio (Latium) hartuz eta egoitza bertan finkatuz.
Erromatarren kondaira batek dioenez, Latinus izan zen Lazioko biztanleen erregea, latindar arrazaren heroi mitikoa. Lazio etruskoen menpean egon zen lehenik (K.a. VI. m.), Erromako azken errege etruskoa, Tarkino, tronutik kendu zuten arte (509). Geroago, etruskoen eta Shakespeare-k ospetsu egingo zuen Koriolanok gidaturiko bolskoen aurka borrokatzeko, latindarrek, hiri-estatuak osatu eta konfederazio handiak eratu ohi zituzten. Konfederazio hauetariko garrantzitsuena Liga latindarra izan zen (K.a. V-IV. m.), hogeita hamar hiri hartzen zituena. Ligaren buru Alba Longa hiria izan zen eta erlijio-zeremonia nagusiak bertan egiten ziren. Ligak botere handia bildu zuen eta zenbait urtetan honen aginduetara egon behar izan zuen Erromak, ligako hiriek hautatzen baitzuten diktadorea, besteak beste. Erromak inguruko herriak erabili zituen ligaren aurka, bolskoak bereziki, eta liga barnean bertan ere konfederatuen arteko liskarrak pizten saiatu zen beti, ligaren indarra ahultzearren. K.a. 338an erromatarrek liga abolitu egin zuten eta, ondorioz, latindarrak erromatar arrunt bilakatu ziren, Erromaren menpeko herritar.
Iturria: Harluxet