<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Etxeberri Familia

Etxeberri Zelaiandia, Domingo: (Donostia, XVI-XVII. m.), Joan, Jazinto Antonio eta Joan Domingo Etxeberri Rober nabigatzaileen aita. Erret funtzionario, Felipe III.a eta Felipe IV.aren idazkaria izan zen. Gipuzkoako lantegien eta nekazaritza-lurren superintendente (1610 - 1618) eta Gipuzkoa eta Bizkaiko itsas portuetako artilearen merkataritzaren administrazio-zuzendaria izan zen (1626).

Joan Etxeberri Rober: (Donostia, 1609 - Cádizko golkoa, 1662), Domingo Etxeberri Zelaiandiaren semea eta Jazinto Antonio eta Joan Domingoren anaia. Felipe IV.a erregearen zerbitzura egon ondoren, Indietarako flotan itsasoratu zen Sevillan. Ameriketan hainbat espedizio eta gudutan parte hartu ondoren kapitain egin zuten. Calatravako Ordenan sartu eta Kataluniara bidalitako laguntza-espedizioaren buruzagia izan zen (1642). Villarrubiako markes eta Villalcazarko dukea izan zen. Donostiako San Telmo komentuan bere leinuaren kapera sortu zuen.

Jazinto Antonio Etxeberri Rober: (Donostia, 1625-73), aurrekoaren anaia. Armadako almirante egin zuten (1640). Matematika eta geometriako ikasketak egin eta untzigintza eta nabigazioari buruzko balio handiko lanak ondu zituen.

Joan Domingo Etxeberri Rober: (Donostia, ?), aurrekoaren anaia. Bere anaia Joanekin hainbat espedizio eta gudutan parte hartu zuen. Joan hildakoan, beronen alabarekin ezkondu eta Villarrubiako markes eta Villalcazarko konde bihurtu zen. Bestalde, nabigazio-tratatuak eta "Instrucciones generales para la navegación y combate" (1666) liburua idatzi zuen.

Ituria: Harluxet