<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Eliz Estatuak Estatu Pontifikalak
Italiako erdialdeko lurraldea, 756-1870 bitartean aita santuen agintepean egon zena. Enperadore kristauek Erroma inguruko zenbait lur-eremu eman zioten Elizari: "San Pedroren ondarea". Barbaroen inbasioen ondoren, Bizantzioko inperioak VI. mendean berreskuratutako probintzietan zituzten lurraldeetara murriztu zen ondare hori. 568tik aurrera lonbardiarrek Italia inbaditu zuten eta Esteban II.a aita santuak Pepin Laburra errege frankoari laguntza eskatu zion (754). Honek lonbardiarrak garaitu zituen eta Aita Santuari eman zizkion Erromako eskualdea eta Ravennako exarkerria. Horrela jaio ziren Eliz Estatuak. 1870ean Italiako erresumak anexionatu egin zituen. Vatikanoko lurralde txikia baino ez zuen mantendu Aita santuak. 1929an Pio XI.aren eta Benito Mussoliniren artean sinatutako Latrango akordioaren ondorioz sortu zen Vatikano Hiriko estatua da Eliz Estatuen ordezkoa.
Iturria: Harluxet