Voltaire (François Marie Arouet)
Idazle frantsesa (Paris, 1694-1778). Erregeordearen aurkako bertso batzuk idatzi zituela eta, hiru urte egin zituen Ingalaterran erbesteraturik (1726-29). Ingalaterrari buruzko gutun filosofikoak argitaratu zituen (1734), bertan erregimen frantsesa gogor kritikatuz. Idazle klasikoekin parekatzen saiatu zen Henriadea epopeian (1728) eta Zaire tragedian (1732). Literatur genero desberdinetan azaldu zituen bere ideia filosofikoak, poema (Lisboako hondamenaren poema, 1756), ipuin (Zadig, 1747; Kandido, 1759), nobela historiko (Luis XIV.aren mendea, 1751), Hiztegi filosofikoa (1764) eta Orestes liburuan (1750), etab.etan. Errakuntza judizialetako biktimen defendatzaile (Calas) eta XIX. m.an burgesia liberal antiklerikalaren idolo izan zen (Nazioen ohitura eta espirituari buruzko saiakera, 1756). Era guztietako fanatismoak arbuiatu zituen eta erlijioaren eta bere garaiko gizartearen akatsak zuzentzen saiatu zen. Erlijioen intolerantziaren aurka gogor borrokatu zen eta deismoa aldekoa izan zen. Aurrerapen zientifiko eta artistikoetan sinesten zuen, zoriontasuna lortzeko tresna izango zirelakoan. Entziklopedista nabarmena eta XVIII. m.ko patriarka izan zen, argiaren mendearen eredu bat.
Iturria: Harluxet