Ortiz de Zarate, Ramon

Ramon Ortiz Zaratekoa Arriolan jaio zen 1817an eta Gasteizen hil 1883an. Gasteizko prokuradore sindiko nagusia (1848-49) eta Arabako Abokatu-Elkargoko dekanoa (1851-55) izan zen. Foruen aldeko artikuluak kaleratu zituen (1854-56) eta "El Fuerista" eta "La Unión vasco-navarra" aldizkarien sorrera bultzatu zuen. Gorteetako diputatua izan zen (1858) eta derrigorrezko soldadutzaren kontra azaldu zen. Arabako diputatu nagusia izan zen (1861-64); Arabako apezpikutza berrezartzea lortu (1862), Madril-Irun trenbidea Arabatik pasarazi eta eskola eta institutuak eraikitzea agindu zuen. "Laurac-bat" lemaren jarraitzaile eta bultzatzailea izan zen. Gerraostean berriro diputatu hautatu zuten (1881). "Consejos al pueblo vascongado sobre el sistema que debe seguirse en la defensa de los fueros" (1850) liburua idatzi zuen baina galarazi egin zuten. Halaber, lan historiko, filosofiko eta zuzenbidekoak ere idatzi zituen.

I: Harluxet