Moro, Gonzalo
Erdi Aroko pertsonaia bizkaitarra (? - 1427). Gipuzkoa eta Bizkaiko lehen legegilea izan zen. Bizkaiko eta Gipuzkoako korregidore (1394-1427), Entzutegiko entzule eta Enkartazioetako eta Gipuzkoako ikuskari izan zen. Bando-gerretan, zigor gogorrak ezarri zituen oinaztar eta ganboatarren aurka eta bakea edo tregua sinarazi zien behin baino gehiagotan. Gaztelako Enrike III.ak, jaurerriko prokuradoreek bultzaturik, Batzar Orokorretarako deia presta zezan agindu zion eta ermandadeen Ordenantza-koadernoa izan zuten eztabaidagai. Gipuzkoako Ermandadearen Ordenantzak onartu zirenean ere partaide izan zen (Getaria, 1397). Enrike III.ak Bilboko alkate izendatu zuen (1402).