Huarte Garazikoa (de San Juan), Joan
Joan Huarte Donibane-Garazin jaio zen ~1530ean eta Baezan, Jaén,hil ~1588an. Mediku eta filosofo izan zen. Gurasoekin batera Espainiara emigratu eta Baezan jarri ziren bizitzen. Bertan, Giza zientziak ikasi eta Filosofian lizentziatu zen; ondoren medikuntzan doktoratu zen Madrilen (1559). "Examen de ingenios para las ciencias" liburuan (1575), filosofia naturala jarri zuen filosofia moral eta metafisikoaren aurrez aurre. Halere, lan honen ekarpenik garrantzitsuena psikologiaren alorrekoa da; mediku zen heinean giza-fisiologiari buruzko azterketa baliotsuak ere egin zituen: gizakiak iaiotasun ezberdinak ditu eta ezagupen mota ezberdin dagokio bakoitzari.
Psikologia modernoaren aitzindaritzat hartzen da haren lana. Hasieran arrakasta lortu eta hizkuntza askotara itzuli bazuten ere, Baezako Unibertsitateko teologi irakasleak salatu eta Inkisizioak debekaturiko liburuen zerrendan ipini zuen (1583). Eskatu zitzaizkion zuzenketak egin bazituen ere, Elizak ez zion debekua kendu Vatikanoko II. Kontzilioa arte (1962).
Iturria: Harluxet/