Mirande Aiphasorho, Jon

Jon Mirande Parisen jaio zen 1925ean eta hil 1972an. Euskal idazle zuberotarra, jaiotzez paristarra izan zen.  Andima Ibiņagabeitiarekin ikasi zuen euskaraz eta hamabost hizkuntza ezagutzera iritsi zen. Kultura handiko gizona zen, hizkuntzalaritza, literatura, filosofia eta zuzenbidean aditua. Miarritzeko Euskal Biltzarrean ezagutu zituen Hego Euskal Herriko hainbat euskal idazle eta euskaltzale (1948), batez ere gerra aurrekoak. Eusko Ikaskuntzako idazkaria (1974) eta Euzko Gogoa; Egan eta Gernika aldizkarietako kolaboratzailea izan zen. Txomin Peillenekin kritika ironiko zorrotza nagusi zuen Igela aldizkaria sortu zuen bere lanak zentsurarik gabe argitaratu ahal izateko (1960). Euskal literaturan ohizko zen prosa eta poesiatik urrun ibili zen; estilo beltza eta pertsonaia madarikatuak hartu zituen oinarri. Antiklerikala eta patriotismoaren barruan "euskaldun-fededun"-aren kontrakoa, heterodoxian mugitu zen, garaiko hainbat tabu, sexualak barne, hautsi nahirik. Itzulpenak, poesiak (Orhoituz, 1976), ipuinak eta nobela "Haur besoetakoa", 1970 egin zituen. Bere ideologiak polemika ugari piztu zuen arren, bere marjinalitateak eta literatura guztiekiko zabaltasunak eragin handia utzi zien ondorengo belaunaldiei. Depresioak jota, bere buruaz beste egin zuen.