Maeztu Whitney, Gustavo
Gustavo Maeztu Whitney Gasteizen jaio zen 1887an eta Lizarran hil 1947an, Ramiro eta Mariaren anaia. Jakintza-arlo desberdinetarako zaletasuna izan zuen: antropologia, antzinako historia, erlijioak, filosofia, literatura, burdin lanketa, zeramika, grabaketa eta pintura landu zituen. Lekuona eta Manuel Losada eta, batik bat, euskal pintura bultzatu zutenak izan zituen irakasle. El Coitao aldizkari satirikoa sortu zuen (1908). Literatura antiklerikal, antimilitarista eta antiburgesa idatzi zuen, gero monarkismo liberal moderatura hurbildu bazen ere.
Nobelak (Andanzas y episodios del Señor Doro; El imperio del gato azul), antzerkia (Cagliostro; Benbrandt; Cabaret), estetikazko lanak (Fantasía sobre los chinos), fantasiak (Fátima; La camorra dormida) eta ipuin eta artikuluak idatzi zituen. Ofizioko idazlea izatera iritsi bazen ere bere benetako jarduera pintura izan zen; 1910az geroztik egin zituen koadro onenak. Parisen izan eta itzulitakoan, Espainian zehar ibili zen bere historia eta arrazaren oinarrien bila; ordukoak dira El ciego de Calatañazor; La tierra ibérica eta Lírica y religiosa. Madrilen finkatu eta erakusketa askotan parte hartu zuen. Ingalaterrara joan zen (1919-21) eta burgesiaren erretratuak (Lady Diana Manners; Mrs. Barret) zein jende xume eta zapalduaren irudiak pintatu zituen. Nafarroako Foru Aldundiak mural batzuk eskatu zizkion (1936) eta geroztik Lizarran bizi izan zen. Bere pinturak muralismorako joera handia eta bolumenarekiko ardura handia zuen. Kolore urdin, berde eta gorriak erabili zituen nagusiki. Paisaje eta erretratuak egin zituen; baina baita gorputz biluziak (Eva), barnealdeak eta bodegoiak ere.