Lizardi, Xabier (Jose Maria Agirre)
Jose Maria Agirre Zarautzen jaio zen 1896an eta Tolosan hil 1933an. Xabier Lizardi izen goitiz ezaguna. Hamabi urterekin Tolosan finkatu zen familiarekin. Zuzenbide-ikasketak egin zituen Madrilen eta han hasi zen atzendua zeukan euskara ikasten. Ikasketak amaitu eta lantegi batean hasi zen gerente-lanetan. 1916an Bilboko Euzko-Deya-n idazten hasi zen. Arrasaten, 1927ko Euskeraren Egunean, nabarmendu zen, lehen aldiz Xabier de Lizardi izengoitia erabili zuen. Primo de Riveraren diktadura-aldian sorturiko Euskaltzaleak elkarteko kide eta bultzatzaile izan zen. Lehen “Euskal Poesiaren Eguna”-n, Errenterian, hiru poesia aurkeztu zituen (1930) eta urtez urte landuriko poemekin bilduma osatu eta Biotz-begietan (1932) argitaratu zuen, euskal lirikaren gailurra izango zen liburua.
Euskararen aldeko langile nekagaitza izan zen. Euskara landu, kultu eta praktikoa zuen helburu; poesia diskurtsibotik poesia metaforiko eta sinbolikora pasatzean, hizkuntza poetikoa itxuratu zuen lehen euskal poeta izan zen. Natura, bizitza eta heriotza zituen gai nagusi. Hogeita hamasei urte zituela hil zen, eta ondotik "Umezurtz olerkiak" (1934) olerki-bildumak, Ezkondu ezin zitekeen mutila antzerkia eta "Izar eta laino" saiakera argitaratu ziren. Bere prosaren originaltasuna ere azpimarratzekoa da: trinkoa baina, poemak baino ulerterrazagoa da, ironia finez jantzia. Idatzitako artikuluetan, ehundik gora, euskal kazetaritza moderno eta sakon baten eredua utzi zuen.
I: Harluxet/ Lur