Enbeita Familia

Enbeita Renteria, Kepa (Urretxindorra): Muxikan jaio zen 1878an eta 1942an hil zen bertan. Bizkaian kopla zaharretatik bertsorako pausua eman zuen eta bertsolaria tabernatik plazara eraman eta duintasuna eman zion. Txirritarekin Getxon neurtu eta garaile suertatu zen (1905); geroztik, Aberri Egunak zirela medio, sabindarrek mitinetan hitz egitera deitzen zuten. Euskara, aberria, fedea eta baserria gaiak maiz erabili zituen bertsotan. Erraztasun handia zuen bertso zehatz eta dotoreak moldatzeko. "Euskadi", "Euzkerea", "Ekin" eta "Argia" euskal aldizkarietan azaldu ziren haren bertsoak. Sari ugari irabazi zituen Euskal Herrian eta Amerikan, bertso-paperak zirela eta. S. Onaindiak bildu ditu haren bertsoak "Enbeita olerkaria" (1878-1942) liburuan (1966).

Balendin Enbeita: (Muxika, 1906-86), aurrekoaren semea. Bizkaiko Bertsolari-txapelketa irabazi zuen Mungian (1929), Getxon (1930) eta Bilbon (1958 eta 1959, Espainiako Gerra Zibilaren ondoren egindako lehenengo bietan). Garaiko euskal aldizkarietan parte hartu zuen bere olerkiekin. Bertso-paper ugari idatzi zituen eta Jesu Kristoren bizitza kontatzen duen antzerki-obra musikal bat prestatu, zuzendu eta bertan parte hartu zuen. Gerra Zibilaren ondorengo bertsolaritzaren suspertzailea eta bertsolari-eskolen lehenengoetariko bultzatzailea izan zen; Euskal Herriko lehenengo eskola sortu zuen (1959).

Jon Enbeita: (Muxika, 1950), aurrekoaren semea. Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun (1975) eta Bizkaiko eta Arabako txapeldun (1990; 1992) izan da; bertso-paper lehiaketak ere irabazi ditu (1977, 1991, 1992). Kepa eta Balentin anaiak ere bertsolariak dira.

Iturria: Harluxet