Apraiz Buesa, Angel
Angel Apraiz Gasteizen jaio zen 1885ean eta A Coruñan hil 1956an. Deustua eta Salamancan Zuzenbidea eta Letrak ikasi zituen; Salamanca eta Bartzelonako katedraduna eta Valladolideko Unibertsitateko dekanoa izan zen. Kataluniako historiaurrea, etnologia eta antropologiako elkarteetako kidea izan zen.
Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresua antolatu zuen eta geroztik elkarte jaio berri honen idazkari nagusi izan zen (1918). Elkartearen aldizkaria zuzendu eta argitaratzeaz gain, bost kongresu eta udako ikastaro antolatu zituen (1918 - 1936). Euskal kulturaren eragilea izan zen; bertako eta kanpoko aldizkarietan barreiaturik daude bere arte-, irakaskuntza- eta historia-alorreko lanak. Halaber, "La Cultura autóctona vasca y la libertad de lenguas", 1935; "La Cerámica de Busturia", 1952; "La casa de los Escoriaza-Esquibel", 1954, liburuak idatzi zituen.
Iturria: Harluxet/ Lur