Agirre, Domingo

Domingo Agirre Ondarroan jaio zen 1864an eta 1920an hil zen. Idazlea eta elizgizona. Garrantzizko karguetara iristeko aukerak izan zituen, baina gaixobera izanik uko egin zien. Bere garaiko euskal aldizkarietan esku hartu zuen: Euskal-Erria, Euskalzale, Ibaizabal, Euskal-Esnalea, RIEV, Jaungoiko-zale…

Hainbat literatura molde landu zituen: eleberria, ipuina, elezaharrak, artikuluak, bidaldi kronikak, olerkiak; lan ezagunenak eleberriak ditu. Auñamendiko Lorea (1898), lehena, eleberri historikoa da. Kresala eleberriak (1906; lehenik Euskal-Erria aldizkarian zatika argitaratu zen, 1901etik aurrera), Arranondoko (Ondarroa) arrantzaleen bizitzaren gorabeherak azaltzen ditu, bizkaieraz, errealismoz eta bizitasunez. Hirugarren eleberria, Garoa (1912), da Agirreren lan ezagunena eta biribilena (lehenik RIEV-en argitaratua, 1907) nekazari giroan kokatua eta gipuzkeraz idatzia. Euskaltzain oso izan zen Euskaltzaindiaren sorreratik bertatik (1918).

Iturria: Lur