Nafarroako ikastetxea
1304ko martxoaren 13ko testamentu bati jarraiki, kolegio bat sortu zuten Parisen. Frantziako erresumako ikasle erromesenen artean txandaka hautatuko ziren hirurogeita hamar gaztek goi mailako ikasketak, artea hogeita hamarrek, teologia hogeik eta legeak beste hogeik egin ahal izan zitzaten. Nafarroako Joana I.a erreginaren testamentua zen hura, eta Nafarroako Kolegioa deitu zioten instituzioari. 1309ko apirilaren 2an ezarri zuten kolegioko elizako lehen harria eta 1315ean hasi ziren lehen ikasleak bertaratzen. Ikastetxe dotorea izan zen inolaz ere, “Parisko eraikuntza ederrentzat” jo zuten arkitektura adituek luzaroan eta, harrigarria zatekeen egiaz horrela gertatu ez balitz, Frantziako handiki gazteen ikastetxea izan zen XV. mendetik Iraultzara Frantsesa bitarte.
Deiturak besterik iradoki liezagukeen arren, frantsesa zen Joana Nafarroakoa, haren senar eta Nafarroako Felipe I.a Ederra, Frantziako IV.a, deitu zuten hura, bezain frantsesa, Champagneko etxeko oinordekoa, Bar-sur Seine hirian sortua. 1274an, bi urte gabe, egin zuten Nafarroako erregina, aita hil ondoan. Arazo larriak bizi izan zituen Nafarroak garai hartan, baina oso gutxitan hurbildu zen Joana I.a bere erreinura: gobernuari leialen bidez menderatu zituen nafarrak. Emakume argia bezain ederra omen zen, oso bere senarraren maitea, eta ederra bezain tinkoa, aitonen seme nagusituen aurka kikiltzen ez zena. Gazterik hil zen, guztiz argitu ez ziren gorabehera batzuen ondorioz.
Askok bezala, hil osterako utzi zuen bizitzan aintzat hartu ez zuena, eta Nafarroako izena eman nahi izan zion Parisko kolegio ederrenari. Garbi utzi zuen, era berean, kulturaren ateak zabaldu nahi zizkiela pobreei. Jainkoaren betiko grazia zuen nonbait helburu. Villon poetak ere ukan zuen eskola handi haren berri, eta bere garaiko hold-up entzunetako baten protagonista izan zen bertan: bostehun eskutu kolpean! Ez zen saio makala izan!
1793an, Konbentziokoan, itxi zituzten Nafarroako Kolegioko ateak eta, 1805ean, bertan sortu zuen Napoleonek Parisko Eskola Politekniko ospetsua. Aristokraziarekin lotu ohi dute frantziar ezjakinek eta ustetsuek Nafarroako izena, baina Frantzian ez bezala, Nafarroan aristokraziak ez du inoiz unibertsitatea sortu, ez bultzatu.
Loturak: Oresme, Nicole;
Iturria: Joxan Elosegi, Egunkaria