<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Baltzolako  Sugoi

Behin batean bi anaia bizi ziren Dimako Bargondian. Zaharrena, Unai, gizon serio eta kabala zen, erabaki bat hartu baino lehen ondo hausnartzea gustatzen zitzaiona. Gaztea, Gorka, erabat bestelakoa zen, zotoska eta erreakzio bizkorrekoa.

Egun batean, Baltzolako haitzulotik hurbil zebiltzan biak. Gorkak zera esan anaiari, haitzuloa seinalatuz.

-Ba al dakik, Unai? Hor barruan lamiak bizi omen dituk altxor eder bat zaintzen. 

-Beharbada bai eta beharbada ez -erantzun zion Unaik- baina hobe izango duk bere horretan uztea.

Anaia gazteak barre-algara egin zuen.

-Hara! Ez didak esango beldur haizenik, ezta?

-Nik gauza bakarra esaten diat, ez dela misterioak narrasten ibili behar.

Gorka haitzuloaren sarrerara joan zen.

-Beno... hi, anima hadi! Begirada bat botako diagu... Altxorra dagoela egia baldin bada, bion artean banatuko diagu!

Gaztea sartzera zihoan, sarreran sugetzar bat ikusi zuenean. Lo zirudien.

-A! Hemen zagok haitzuloaren zaindaria! ikusiko duk zer azkar egingo dituan hire lanak!

Eta Unairi ezertarako betarik eman gabe, harri handi bat hartu eta sugeari jaurtiki zion. Isatsa moztu zion.

-Gorka! -oihukatu. zion Unaik- egin duan hori krudelkeri hutsa duk! Sugea lo zegoen eguzkitan eta hauxe izango dik bere gordelekua... Ez hadi basatia izan eta goazemak etxera!

Urteak joan ziren. Unaik urrutira joan behar izan zuen bizi modu duinagoaren bila eta baita lantegi ona aurkitu ere; baina penak jaten zuen etxe, ahaide eta bere lurraz oroitzen zenean.

Egun batean, herrimina bestetan baino biziagoa zenean, dotore jantzitako gizon hankabakar bat azaldu zitzaion, besotik heldu eta, une batean, Baltzolako haitzuloaren aurrera eraman zuen.

Unai seko harrituta geratu zen gizon misteriotsu hark zera esan zionean:

-Unai, berriro hire etxean hago, eta berriz joan beharrik ez dezaan izan hona hemen urrez betetako kutxa hau hiretzat, eta gerriko hau hire anaiarentzat.

Hauek esanda gizona desagertu egin zen bat-batean.

Unai bere anaiarengana joan eta gertatu zitzaionaren berri eman zion. Gorka gerrikoari begira geratu zen.

-Eta gizon horri hanka falta zitzaiola diok?

-Ba ... bai, baina orain gogoratzen dudanez, ez zian ez bastoi eta ez makulurik erabiltzen. 

Orduan, gazteak gerrikoa hartu eta intxaurrondo bati lotu zion. Arbola berehala sutan jarri eta erabat erre zen. Bi anaiek elkarri begiratu zioten eta garbi ikusi zuten Gorkak isatsa moztutako sugea eta gizon erren hura, biak bat zirela: Baltzolako sugetzarra, sugoi alegia.