<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Autodeterminazioaren Biltzarrak (ABK)
Autodeterminazioaren aldeko taldea, 1996ko otsailean sortua. Autodeterminazioaren Biltzarrak koordinakundea Abertzaleok, Amaiur eta Euskaria taldeen eraginez eratu zen. Mugimendu honen xedea autodeterminazioa gauzatzearekin bat datozen pentsaera guztiak biltzea da, eta bere helburua Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea gauzatzea da. Gizarte mugimendu honek higikunde abertzalearen baitan kokatzen du bere burua, eta eraikuntza nazionalerako eta askapen nazional eta soziala eskuratzeko gizarte mugimenduen estrategia aukeratu du.
Euskal Herriaren burujabetza ukatzen duten eta herria zatitzen duten Estatuekin dagoen gatazkari konponbidea ematen laguntzeko ere kaleratu ziren. Bereziki gizarte zibilaren mobilizazioa lantzeko sortu da, eta hainbat kanpaina jarri ditu abian azken urteotan, desobedientzia zibilean oinarritutakoan gehienbat. Besteak beste autoetan "EH" eranskina eramatea, euskal dirua, zigiluak buruz behera jartzea, eragozpen fiskala, euskal futbol selekzioaren aldeko aldarria, Euskal Nortasun Agiria eta beste hainbat kanpaina bultzatzen dituzte. 2000ko urrian, Zumalabe Fundazioa eta Bai Euskal Herriari ekimeneko hainbat kidekin batera, ABKko kideak ere atxilotu zituzten Baltasar Garzon epaileak eragindako "Itzali" operazioaren barruan, ETAren egitura zibil eta politikoarekin zerikusia izatea leporatuz. Atxilotu gehienak berehala utzi zituzten aske fidantzapean, eta atxiloketa horiek kritika zabala eragin zuten.
Iturria: Lur Entziklopedia