AEK

Euskaraz: Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea. Euskal Herriko pertsona helduen euskalduntze eta alfabetatzerako erakundea. Euskaltzaindiaren babesean eta Rikardo Arregiren gidaritzapean sortua (1965). Eusko Kontseilu Nagusiaren garaian talde autonomo bilakatu zen (1979). Helduen alfabetatze eta euskalduntze-lanean ziharduten gau-eskola, euskal eskola eta euskaltegi gehienak berak koordinatu zituen. Zeregin horretan Euskal Herri osoan zegoen erakunde bakarrenetakoa izan da, Euskaltzaindia bera eta Ikastolen mugimenduarekin batera. AEKren didaktika-batzordeak Ele aldizkaria kaleratzen du, eta Aizu! hilabetekarian ere parte hartzen du. Irakaskuntzako eguneroko lanaz gain, jai- eta errebindikazio-giroko ekitaldi ugari antolatu ohi du; horien artean zabalena Korrika da. Gaur egun HABEren subentziopean antolatzen ditu ikastaroak.

Iturria: Lur/ Harluxet