<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Zuberoko lur-desjabetzea

Nafarroako Luis II.ak, Frantziako XIII.a, 1639an erregearen menpeko lurrak saltzeko edo besterentzeko ediktoa eman zuen. Frantziako monarkiak jauntxoen aginpidea indartu nahi izan zuen horrekin eta, handik urtebetera (1640an), Zuberoan lur desjabetze handiak izan ziren. Istiluak berehala piztu ziren. Auzo lurrak, zilegiak edo komunalak deituak, erregearen menpekoak zirelakoan, salgai jarri zituzten.

Zuberotarrek ondasun eta eskubide horiek erosteko egin zituzten ahaleginek huts egin ondoren, Iruriko kondeak erosi zituen 70.000 liberatan. Lur horien barne zeuden: Beroritzeko eta Atharratzeko baroigoa, Iruri konderria bilakatzea eta geroago Maule-Lextarreko gaztelua eskuratzea. Arnaut-Jean de Peyrer Biarnoko merkatari aberastu baten semea zen, familia Irurin errotua zuena eta ospe handiko karrera militarra egina zuena. Parisen,  Richelieu-ren eta Luis XIII.aren gortean, ohore handiak iritsi zituelarik, besteak beste, mosketeroen edo erregearen guardiako kapitain izatea.

Zuberoako lurralde hura jauntxoen menpe uzteko bide luze bati ekin zion Iruriko kondeak; hasieran bi burgo eta 14 eliz barruti baizik ez zituen hartzen; baina, 1641 eta 1642 artean, lurralde osora zabaldu nahi izan zuen, bizkonderri izandako lurralde hura berpizteko asmoz. Zuberotarrek aurre egin zien asmo horiei eta erregeak berriro erosi behar izan zituen aurretik kondeak eskuratutako eskubideak; hala ere, zati handiena zuberotarrek ordaindu behar izan zuten, erregearen ordezkariek indarrez etorri baitziren dirua biltzera.

1643an hil zen Frantziako Luis XIII.a eta, bere semea Luis XIV.a Handia izan zuen ondorengoa. Horrek aitaren politika bera jarraitu zuen eta 1661ean, herriaren matxinada piztu zen. 7.000 bat lagun altxa ziren armatan, Mithikile herriko apaiza Bernard de Goynetche, Matalas, buru zutela. Zuberoako erakundeen alde eta, jauntxoen, apaizen, protestanteen eta Mauleko hiriaren nagusitasun ekonomikoaren kontra altxa ziren matxinatuak. Matalasek ehun bat gudariz osatutako zaindari talde iraunkor bat eta gobernu ibiltari antzeko bat eratu zituen. Horrekin saiatu zen jauntxoen aginpidea eta Mauleren nagusitasuna desegiten.