<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Zeltak
Zeltak ziren Europa erdialdean eta mendebaldean hedatu eta nagusitutako herri indoeuroparrak. Badirudi zelten jatorrizko kokagunea izan zela Alemaniako mendebaldea, eta K.a. II. milurtekotik aurrera talde berezi gisa agertu zirela. Lehen aztarnak K.a. 1200 urtekoak dira, Brontze-Aroaren amaierakoak hain zuzen. Burdin Aroaren lehen aldian (Hallstatt kultura, K.a. VII - VI. m.) Europan hedatzen hasi ziren, Galian, Britainiar irletan eta Iberiar penintsulan sartuz. Hedapen handiena Burdin Aroaren bigarren aldian gertatu zen (La Tène-ko kultura, K.a. V.-I. m): Italian iparraldetik sartu ziren eta Balkanak, Grezia eta Asia txikiraino iritsi ziren. Beraien arteko batasun eza izan omen zen estatu egonkorrak ez osatzearen arrazoi nagusia. Erromatarren eta herri germaniarren lehen hedapenak (K.a. II. I. m.) herri zelten gainbehera azkarra ekarri zuen. |
Zeltak “Nagusien” itxuran etorri omen ziren Euskal Herrira, zergak ordainarazten eta lana derrigorrez eginarazten bertakoei, antza, euskaraz mintzatzen ziren haiei. Hala ere Eugene Goienetxek dio zeltarrek ez zirela egungo Euskal Herrian pausatu. Hegoaldean, Santander aldera jo omen zuten; eta Iparraldean, Bordelera, Garona gaineko herrietara hain zuzen ere. Atxiki zituzten azken lurraldeak Europako mendebaldekoak izan ziren; Gaurdaino bizirik dirauten kultura zeltikoaren aztarna batzuk (hizkuntza, musika etab.) herri horietakoak dira (Irlanda, Bretainia, Eskozia, Gales eta Galizia).
Iturria: Elhuyar/ Historia de Iparralde.