<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

XIX. Mendeko Euskaldunen emigrazioa

Europako beste herrialdetan gertatzen ari zen bezala, Euskal Herriko kostaldean ere, Industrializazioak eragina izan zuen demografian. Araba eta Nafarroan, ordea, Europako Bigarren Industri Iraultza aldean gertatuko zen hori (1950). XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, 1815 eta 1914 urte bitartean hain zuen, Europako 45 miloi jende baino gehiago emigratu zuen Ameriketara.

Euskal Herritarren emigrazioa arrazoi ekonomikoek eragin zuten, baina baziren bestelako arrazoiak ere; Lehen Gerra Karlisten ondorioz ezarritako derrigorrezko soldadutzari ihes egitea eta maiorazkoaren jaraunspen-sistemak ondasuna seme nagusiari soilik ziurtatzen zionez besteak lan bila joan behar zuten. Nekazari gazte eta hiriko behe-klaseko jendea izan zen garai horretan abenturan sartu zirenak, aberastu ondoren itzultzeko asmoan gehienak.

Emigratutako euskaldunak hainbat lanetan nabarmendu ziren. Argentinan ardi-hazkuntza alorrean garrantzizkoak izan ziren, baita eraikuntzan, itsasontzietako zamaketan edo gazitegietan ere; Txilen, merkataritzan eta industrian; Estatu Batuetan, Kalifornian urre-bilaketan jardun zuten eta, Nevadan eta Idahon artzaintzan ibili ziren. Artzain gehienak ezkongabeak izaten ziren, mendian bakardadean ohituak, baina asko izan ziren Euskal Herrira itzuli, ezkondu eta emaztearekin Ameriketara itzuli zirenak. Errantxoak sortu eta hotelak eraikitzea izan ziren beste aterabide euskaldun emigranteentzat.

Hego Ameriketara bideratutako emigrazioa Lehen Mundu Gerra hastearekin batera amaitu zen. Argentinako nekazaritza eta abeltzaintzan geldialdia gertatu zen; prestatu edo gaitu gabeko langileen eskaria jaitsi egin zen; gerra zela-eta itsas trafikoa arriskutsua zelako eten egin zen eta, Euskal Herriko industrializazio eta urbanismoaren garapenari esker lan berriak sortzen hasi ziren.

Iturria: Gaiak