<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Orreagako gudua

Zazpiehun eta hirurogeita hemezortzian, baskoien euskal tribuek frankoen errege Karlomagnoren gudarostea garaitu zuten bataila, 778ko abuztuaren 15ean. Iberiako penintsula ia osoa musulmanen menpe zegoenean Abd ar-Raman I.ak Kordobako aginpidea hartu zuen, 756an; baina, iparraldeko buruzagi musulman batzuk ez zuten haren buruzagitza onartu. Ebro ibaiaren ibarra, Zaragozatik Bartzelonara, Abd ar-Ramanen aginpidetik kanpo geratu zen. 777ko udaberrian, Suleiman Ibn Yaqzan al-Arabi eta Abul Aswad Saxoniako Pederborn hirira joan ziren Karlomagnori Kordobako emirarren aginpidetik bereizteko laguntza eskatzera eta, laguntza horren ordainez eskaintzera beren menpean zituzten hiriak.

Karlomagnok musulmanen menpetasuna eta eskaintza onartu zituen, eta hurrengo urteko udaberrian, Karlomagnoren gudarostea, bi ostetan banatuta, Pirineoen bi muturretatik barrena sartu ziren Iberiako penintsulan. Bata, Septimiatik barrena, Bartzelona, Lleida eta Huesca Karlomagnoren izenean beretu ondoren, Zaragozaraino iritsi zen. Bestea, Karlomagnoren gidaritzapean, Orreagatik barrena, Iruņetik iragan eta Zaragozara iritsi zen batere eragozpenik gabe. Dirudienez, Al-Husain-ek ez zion Karlomagnori  Zaragozan sartzen utzi, eta itzultzea erabaki zuen, ez baitzen joan hiria setioan ezartzeko behar bezala horniturik. Beste batzuek diotenez, ordea, ez zen saldukeriarik izan. Karlomagnok hirien jabetza sinbolikoa hartu  eta haiei laguntzako hitza eman zuen.

Edonola gerta izanda ere, oligarkia musulmanaren aurka matxinatu ziren baskoiak azpiratzeko Iruņea suntsitzea erabaki zuen. Frankoen lurretara itzuleran, Pirineotako nonbaiteko mugan "in ipso Pirinei iugo", jakitunek Orreagan edo Ibaņetan kokatzen dutena, baskoiek Lupo II.a buruzagiaren gidaritzapean sekulako triskantza eragin zuten Karlomagnoren gudarostean atzeko soldaduen artean, Karlomagno bera aurretik igaroa zen. Segada hartan besteak beste, haren iloba Errolan, Bretainiako Markako dukea, hil zuten.

Eginardok, Karlomagnoren kronikariak, eman zuen batailaren berri eta gertaera horretan  oinarritu zen Turold-ek idatzitako "Chanson de Rolan" kantu epikoa. Halaber, mende batzuk geroago Frantzisko Eugeni Garai Monglave baionarrak garaileen ikuspuntutik idatzi  zuen Altabizkar-ko kantua deitzen den olerkia.

Iturria: Lur Entziklopedia/ Harluxet.