<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Ondorengotza-guduak (1701 - 1733 - 1740)
Lehenengo ondorengotza gerra, edo Espainiakoa (1701 - 1714). Batetik, Espainia eta Frantzia zeuden eta bestetik, Europako beste erresumen koalizioa. Hil aurretik, Espainiako Karlos II.ak eta Nafarroako Luis III.aren (Frantziako Luis XIV.a) biloba zen Felipe Anjoukoaren alde egin zuen testamentua. Ondorioz, ordura arte Espainiako koroa izan zuen Austriako etxearen ordez, Borboiko etxeak gobernatuko zuen Espainian. Bi koroak batuz gero Europa osoko oreka arriskuan egongo zela-eta, Ingalaterrak, Austriak eta Probintzia Batuek ez zuten horrelakorik onartu. Gerrari Utrecht (1713) eta Rastatt-eko (1714) itunek amaiera eman zioten.
Loturak: >Marlborougheko dukea, John Churchill; >Stanhope, James, kondea; |
Bigarren ondorengotza gerra, edo Poloniakoa (1733 - 1738). Frantzia (Luis IV.a Nafarroakoa) Espainia, Sardinia eta Bavaria, alde batetik, eta Errusia eta Austria, bestetik, elkarren aurka ezarri zituen gerra. Augusto II.a hil eta Varsoviako dietak, Frantziaren laguntzaz, Estanislao Leszczynski izendatu zuen errege. Errusiak eta Austriak Polonia inbaditu, Estanislao kanporatu eta Augusto III.a Saxoniakoa jarri zuten errege. Frantziak Lorrena okupatu zuen eta Espainiak kanpaina bati ekin zion Italian. Vienako itunean sinatu zen bakea (1738). Estanislaok Poloniako koroari uko egin eta, Lorrenako eta Bar-eko tituluak eman zizkioten bizi zen artean, eta Karlos III. Espainiako Felipe V.aren semeak Napoli eta Sizilia eskuratu zituen.
Hirugarren ondorengotza gerra, edo Austriakoa (1740 - 1748). Batetik Prusia, Frantzia, Bavaria, Saxonia eta Espainiaren eta bestetik Ingalaterra eta Austriaren arteko gerra. Europa osora eta kolonietara ere hedatu zen. Gerraren jatorria 1713ko Santzio Pragmatikoa izan zen, zeinaren bidez, Karlos VI.a hildakoan (1740), honen alaba Maria Teresa izango zen ondorengoa, baina hau Europako potentzien interesen aurkakoa zen. Maria Teresak bere senarra Frantzisko Lorrenakoa enperadore izendarazi zuen Frantzisko I.a izenaz (1745). Honek Akisgrango bakea eragin zuen (1748) eta honekin batera Santzio Pragmatikoa onartu egin zen.
Loturak: >Fontenoyko bataila; >Fleury, Andre; >Zazpi urteko gerra;
Iturria: Harluxet