<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

okzitaniera

Frantziako hegoaldeko hizkuntza erromanikoa. Okzitanieraren lehen testu solteak X. mendekoak dira eta XII-XIV. mende bitarteko trobalarien poesiaren adierazpide estandar eta bateratua izateari esker, maila jasoko hizkuntza izan zen XV. mendera arte. Baina lurraldeak Frantziako koroaren eskuetan erortzearekin batera hizkuntzaren gainbehera hasi zen. Joera hori azkartu egin zen 1789ko Iraultza Frantsesarekin. Antzinako okzitaniera eta antzinako frantsesaren artean gaur egun baino desberdintasun gutxiago zeuden, baina frantsesak bilakaera luzea izan duen bitartean okzitanierak latinaren ezaugarri asko gorde ditu. Egun okzitaniera katalanetik gertuago dago frantsesetik baino.

Ipar Euskal Herriak okzitanierarekin duen harremana historian ibilbide luzea du, Gaskoniako hizkuntza euskara izan zen, Erdi Aroan, baina, Garona eta Aturri ibaien arteko euskaldunek, poliki-poliki, euskararen ordez okzitaniera bereganatu zuten. Gaskoiera, beraz, euskaraz hitz egiten zuten akitaniar-erromatartuen hizkuntza da, eta, horrexegatik, beste okzitaniar dialektoen aldean, euskal substratoen eragina du. Nafarroako Gortean ere eragin handia izan zuen. Okzitaniarrek ekartzen zituzten merkatari  eta koloniez gain, tokiko agintari eta intelektualen artean ere oihartzun handia izan zuen, eta, besteak beste, Baionan, Miarritzen, Angelun, Tuteran, Iruñean, Donostian, Hondarribian eta Pasaian okzitaniera hedatu zen. Horren adibideak ditugu XIII. mendeko Baionako Forua, Nafarroa Behereko foruak (1641) eta Zuberoako Köstuma (1520), denak gaskoiz idatziak.

Egun, hamabi milioi inguru okzitaniarren artean bi milioi inguru hiztun ditu eta beste lauk ulertzen dute. Sei dialekto nagusitan banatzen da: proventzera, languedocera, limousinera, auverniera vivaro-alpinoa eta gaskoia. Erdigune aitzindari eta zuzendari bat ez izanak bideratuta eta inguruko hizkuntza erromanikoen (katalana, frantsesa, gaztelania eta italiera) eraginez edo, bost dialekto hauen arteko desberdintasunak ugariak dira. Gaskoiaren ezaugarriak bereziak direla eta, zenbait hizkuntzalarik hizkuntzatzat hartzen du eta biarnesa bere dialekto bezala; honek, ondoan duenez, eman zion zubererari seigarren bokala (ü). Proventzera maila jasoko hizkuntza izan zen Frantzian eta Espainian XII-XIV. m. bitartean.

Lehen trobalari okzitaniar ezagunak proventzeraz eman zituen bere poemak, Akitaniako Gilermo IX.a dukeak hain zuzen (1071-1127). Proventzako trobalariek halako maila eta onespena hartu zuten Europako mendebaldeko gorteetan, non beraien estiloa ezarri baitzen Katalunian eta Galizian; proventzeraz garatutako poesiak sorrarazi zuen kantiga galaiko-portugesa. XV. mendean Proventzak erresuma frantsesarekin bat egin zuenetik, eta frantsesaren politika zentralistaren eraginez, etengabeko atzerakada pairatu du proventzerak, hizkuntza ahultzearekin batera, hizkuntza jasoa izateari ere utzi arte. Gaur egun, unibertsitate eta literaturan erabiltzen den arren, hiri handietan galtzen ari da.

Loturak: >euskara   >gaztelania; >Oc-hizkuntza;

Iturria: Harluxet/ Asier Blas/