<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Lore-jokoak

Literatura eta batez ere poesia bultzatzeko egiten zen lehiaketak ziren lore-jokoak. Lehenengoak Okzitaniako Tolosan egin ziren, poesia probentzala bultzatzeko (1324). Nafarroako Luis III.ak, Frantziako XIV.a, "Akademia" titulua eman zienetik (1649), urtero egin izan dira. Katalunian XIV-XVI. mende bitartean antolatu ziren, baina XIX. mendean berpiztu eta Iberiar penintsula osora hedatu ziren. Lehen euskal Lore-jokoak Antoine Abbadia zientzialari eta filantropoak antolatu zituen Urruņan (1853). Lehen lehiaketa hau irregulartasunez betea egon zen eta Etxahunek, amorraturik, "Bi berset horiez" pieza gogoangarria idatzi zuen, Lore-jokoen epaile ziren apaizen azpijokoak eta plagioak agerian utziz.

Lehiaketara aurkeztutakoen artean obrarik onena festa-giroan hautatzen zen, kantuz ematen zen, hurrengo igandean Baionako prentsan ere argitaratzen zen, eta pilota-partidak eta ganadu feriak ere antolatzen ziren. Sari garrantzitsuak izaten zirenez lan asko aurkezten ziren. Lore-joko hauetan plazaratu ahal izan zituzten, besteak beste, Larraldek "Chorinoa Kayolan" eta Elizanburuk "Apexa eta lorea". Hamar urtez Urruņan antolatu ziren Lore-jokoak, 1864-76 bitartean Saran eta gero urtero lekuz aldatu zuten. Hegoaldean ospatutako lehenak Elizondokoak izan ziren (1879) eta Felipe Arrese Beitiak "Ama euskeriari azken agurrak" olerkiarekin lehen saria jaso zuen. Donostiako Lore-jokoak Jose Manterolaren ekimenez antolatu ziren (1882); literatur lehiaketaz aparte, musika- eta pintura-lehiaketak ere antolatzen ziren. Hegoaldeko lehiatzaileek ez zuten Iparraldekoen bukolismoa, foruen galtzea hurbil zeukaten eta gai politikoak eta historikoak erabili ohi zituzten batik bat.

Iparraldean hasieran eta Hegoaldean gero, Lore-jokoek ia mende erdia iraun zuten eta aurretik hila eta baztertua zegoen euskaltzaletasuna pizten lagundu zuten. Bertsolaritzatik olerkaritzarako bidea zabaldu zuten eta literaturaren aitzakian Pirineoetako bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak estuagotu ziren.

Iturria: Harluxet