<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

Islamaren sorrera eta hedapena

Muhammad benŽAbd Alah benŽAbd al Muttalib, Mahoma, 570ean jaio zen, Mekan. Kaaba, lurrera eroritako meteoritoa, zaintzen zuen tribu bateko semea zen. Arabiako animisten gurtza eta pelegrinazio tokia zen Meka. Behin batean, ametsetan zegoela, Jainkoaren agerkundea jaso omen zuen. Haren agindua betetzeko Jainkoa (Ala) bakarra eta ahalguztiduna zela aldarrikatu behar zuen, fedea hedatu eta sinestunen komunitateak sortu. Mahoma predikatzen hasi zenean (614) arabiar jendea politeista zen, baina bere predikuek Mekako pelegrinazio gunea arriskuan jarri zezakeela eta, merkatariak eta jendea aurka jarri ziren. Mahoma Medina aldera erbesteratu behar izan zuen, 622. urtean. Atzerriratze bidaiari "hegira" deitu zion eta aro musulmanaren hasiera markatuko zuen. Mahoma hil zenean (632), Arabia osoak sinesten zuen islamaren mezuan. Hamar urtetan Mahomak estatu eta gizarte berri bat antolatu zuen, alegia, Islamaren legeak Arabiako antzinako ohiturak ordezkatu zituen. Profetaren esanetan, bizimodu erraz eta berekoiari uko egin behar zitzaion "azken judizioaren" egun izugarria gertu zegoelako.

Ala-ren mezua Koran izeneko liburuan jasota dago. Gerra-Santua (jihad) aldarrikatzen du; hau da, Alaren egia onartzen ez duenaren aurka gerra egitea betikotasuna lortzeko bidea da. Horrekin, lurralde berrien konkista bidez Islamaren hedapena ziurtatuta zegoen. 658an, Omeiarrek Damasko izendatu zuten Inperioko hiriburu. 750ean, berriz, Abbastar dinastiak haiek ordezkatu eta Bagdad izendatu zuten hiriburu (egungo Irak). Konkista bidez lortutako herrialdeen buru erlijioso eta aldi berean politikoa, Kalifa zen. Islama mende bakar batean hedatu zen Afrikako iparralde eta Ekialde Hurbilean. 711an Gibraltarreko itsasartea zeharkatu eta Hispaniako errege godo Rodrigori bataila bakar batean irabazita, Guadaleten, penintsula osoan tximista bezala zabaldu ziren. Bagdad eta Kordoba bihurtu ziren islamaren kulturgune garrantzitsuak eta bertan sortu ziren antzinako jakintzaren zentroak: matematika, arkitektura eta medikuntza arlokoak bereziki.

Iturria: Elhuyar/ Gaiak/ beste