<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
Irish Republican Army (Irlandar Armada Errepublikarra)
Irlandako Errepublika aldarrikatu zenean 1919an, Sinn Fein alderdiaren boluntario irlandarrak ordezkatu zituen indar nazionalista armatua ziren IRA-koak. 1921 arte britainiar polizi indarren aurka gerrilla-gerra egin zuten. Londresko ituna sinatu ondoren (1921), bitan zatitu zen: bata, Irlandako estatu berriaren armadan sartu zen; bestea, ordea, Irlandako batasun eta independentzia osoaren aldeko borrokari eustea erabaki zuen. 1939an legez kanpo jarri zituzten.
Bigarren Mundu-Gerran eta 1956 arte Ipar Irlandan ekintza armatuak egin zituzten. Ipar Irlandako gatazka 1967tik aurrera gogortu egin zen eta IRA berrindartu egin zen. 1969an bitan banatu zen: batetik, IRA ofiziala, marxista eta independentziaren aldeko borroka politikoari garrantzia handia ematen ziona. Bestetik IRA behin-behinekoa, ideologia abertzale hutsez borroka armatuaren garapena defendatzen zuena. Biak Ipar Irlandan borroka armatuari berrekin zioten hasieran, baina gero, behin-behinekoek bakarrik segitu zuten eta sona handiko atentatuak egin zituzten. Britainiar gobernuak, oldarkor, bortizki erantzun zuen.
1981ean Mazeko kartzelan preso zeuden IRA-ko militanteak gose greba egin zuten, preso politiko zirela onar zezan Londresko gobernuak., baina zenbait preso hil arren, ez zuten horrelakorik lortu. IRA-k borroka armatuari tinko eutsi dio geroztik Ipar Irlandan eta noizean behin Ingalaterran ere atentatuak egiten ditu. IRA ofiziala, aitzitik, Irlandako Errepublikako politikan murgildu zen eta 1974tik aurrera alderdi politiko bilakatu zen.
Iturria: Elhuyar