<<< Orri Nagusira

       

puntubi.com

ingelesa

Germaniar hizkuntza, batez ere Ingalaterran, Estatu Batuetan eta antzinako ingeles inperioaren lurraldeetan mintzatzen dena. Britainia Handia herri zeltek hartua zen, beraiek ziren bertako biztanle jatorrak. K.a. 55-54 bitartean, Erromako enperadore Julio Zesarrek itsasoz harateko lurraldeen konkista abiarazi zuen, eta berehala hartu zituen menpean Britainiar uharteak. Hego eta erdialdeko biztanleek ihes egin zuten iparraldera eta mendebaldera. Han kokatu ziren egundaino: iparraldean eskoziarrak, gaelikoa dutela zelta-agiri nagusia, eta mendebaldean galestarrak, galeserarekin, jatorri zeltako hizkuntza inondik ere.

Handik lau mendetara (406-407) Erromako tropek atzera egin zuten Europa barnerantz. Orduan, egoera politikoa eta militarra baliatuz, jutoek, saxoiek eta angloek osaturiko kultura germaniarreko multzo teutoiak hartu zuen Erromak utziriko lurraldea. Haien eraginez eta inposaketez, erdizelta-erdirromanikoa zen lurralde eta biztanleria, germaniar bilakatu zen. Hala sortu zen ingeles zaharra. Baina 1066an Normandiako Gilermok Ingalaterra inbaditu eta konkistatu egin zuen. Frantsesa ezarri zuen hizkuntza ofizial bakarra, eta hala izan zen XIII. mendearen hasiera arte. Bi mendeko nagusitasun frantses honek, noski, eragin nabarmena izan zuen herriaren hizkuntzan, bereziki terminologian. Ingelesa herri desberdinen hizkuntzez osatutako hizkuntza dela esan liteke. Ingalaterraren inperio ohiak alde batetik, eta AEBen inperialismo berriak bestetik, zabaldu egin dute ingelesa munduan zehar: 320 milioi hiztunen ama-hizkuntza da eta bigarren hizkuntza beste 100 bat milioi hiztunentzat. Hizkuntza ofiziala edo koofiziala da 60 bat herritan, eta hizkuntza desberdinekin izan duen ukipenaren ondorioz, tokian tokiko dialekto ugari sortu ditu.

Iturria: Harluxet