<<< Orri Nagusira |
puntubi.com |
iberiarrak
Iberiar penintsulako zenbait tribu eta tribu horietako kidea. Historialari grekoentzat, iberiarrak Mediterraneoaren kostaldean eta Andaluzian bizi ziren tribuak ziren. Estrabonek, zehazki, Rodano ibaiaren eta Gibraltar itsasartearen artean kokatzen ditu. Hitzak ez du beraz, esanahi etnikorik, geografikoa baizik. Historialari grekoek iberiarrak kultuak zirela utzi dute idatzia, batez ere barbarotzat jotzen zituzten penintsularen barnealdeko zeltekin alderatuta. Baina iberiarrek zeltekin elkartu ziren VI. mendean eta herri zeltiberiarra sortu zuten. Eguzkia eta zezena gurtzen zituzten eta greko eta feniziarren eraginez zibilizazio garrantzitsua sortu zuten. Kartagoarrek lehenengo eta erromatarrek gero, menperatu zituzten. Bitxiak eta zeramikazko artelan ugari aurkitu da, baina eskulturan garatu zuten teknika harrigarria. Aurkitutako piezen artean ezagunena Elxeko dama da.
Iberiarren sorrerari buruzko hainbat mito eta polemika ibili da gure artean. XVI. mendean euskal iberismoaren teoria sortu zen eta XIX. mendeko jakintsu eta hizkuntzalari alemaniarrek indartu zuten, euskaldunon hizkuntzaren eta zibilizazioaren berezitasuna azaltzeko. Iberiera hizkuntzaren jatorria aztertzerakoan honek euskararekin dituen erlazio eta antzekotasunen arazoa sortzen zaie ikerlariei. Baina gaur egun, euskaldunok garai bateko iberiarren ondorengoak garela dioen hipotesia gainditua dago. Bosch Gimpera historialari ospetsuaren arabera, iberiarrak "kapsiense" eta "piriniar" herriek beste hirugarren herri batekin bat egin zutenean sortu ziren, eta hirugarren etnia hori "iberosahararra" izan omen zen. Nahasketa horrek, kolonizatzaile fenizioekin eta grekoekin harremanetan hasita, iberiarren kultura eta artea eman bide zuen. Hauxe da gaur egun indarrean dagoen hipotesi nagusia.
Iturria: Harluxet